XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Martin gurutzean

Aurrekoan gure anai Martin Japoniako Osaka hiri haundian utzi genduan misiolari, Belen izeneko etxetxoan beste hiru japoniarrekin.

Garai hartan, lurraldean gehien agintzen zuana Taikosama zan (Toyotomi Hideyoshi), politika eta militar mailan Japoniak izan duan buruzagirik haundiena agian; jauntxo feudal gehienak bere menpean zeuzkan eta amets haundiak zerabilzkian buruan: Txina, Korea, Formosa eta Filipinak konkistatu nahi zituan.

Ordurako jesuitak (teatinoak) aspalditxo etorriak ziran Japoniara: lehenengoa, Xabierko Frantzisko 1549an, abuztuko Ama Birjina egunez.

Berehala, kristauen kopurua goraka joan zan: 1500 ziran fededunak, Xabierrek handik aldegitean; 1587an, berriz, berrehun milatik gora ziran.

Zenbait jauntxok ere bataioa hartu zuten...

Hortik, poliki-poliki errezeloa gehitzen zijoakion Taikosamari.

Bertako bonzo-apaiz antzekoak ere asaldatzen hasita zeuden, erlijio berriaren aurrean.

Eta horrela, 1587an Hideyoshik desterru ediktoa eman zuan jesuiten kontra.

Baina hauek ez dira mendera errezak izaten, eta han nunbait gordeta jarraitu zuten, beren lanari ahal zan moduan eutsiz (43 ziran mezakoak eta 73 klerigo eta ermanoak, hauetatik 47 japoniarrak).

Zenbait fraide frantziskotar, japoniarrak berak eskatuta, 1593an heldu ziran, aita Pedro Bautista buru zutela; Espainiako erregearen mandataria zan hau.

Gerora ere ez ziran asko izango: hiru-lau fraide Nagasakin, beste lau Miakon (gaurko Kyoto) eta bat bakarra Osakan: aita Martin Loinaz.

Herriak, fraide haien bizimodua ikusita, oso maite zituan.

Hideyoshi enperadorea bera ere guztiz aldeko zuten.

Baina halako batean, San Felipe izeneko espainiar itxasontziaren hura gertatu zan.

1596ko irailaren 18tik urriaren 3a bitartean, hiru ekaitz ikaragarrik astindu zuten San Felipe galeoia, eta azkenean Japoniako itxasbazterrera jaurti zuten olatuak.

Orduan istiluak!

Zurrumurrua zabaldu zan edo zuten, Portugalen aldekoak galeoi hura guda-itxasontzia zala, Espainiak Japonia konkistatu egin nahi zuala (ez zuten espainiarrak gauza bera egin Portugalekin, Peru eta Mejikorekin? Ingelesen eta turkoen kontra ere ez ziran joan?).

Zurrumurrua areago zijoan, ez jakin nork bultzatuta, susmoak bazeuden ere: fraide pobretxo haiek, Igokundeko Martin haien artean, beren apaltasun itxuran espioi lanean ari zirala.

Hideyoshi Taikosamak errekisatu egin zituan galeoiko ondasun guztiak eta fraideak preso hartzeko agindua eman zuan.

Miyakoko fraideak ordea, berrogeita hamar bat goardiaz inguratuta gelditu ziran abenduko 8an, Sortze Garbiaren jaian; egun berean inguratu zuten handik kilometro gutxitara, Osakako bere etxetxoan, gure aita Martin ere dozena bat goardiak .

Anai Jeronimok kontatzen duanez, beasaindarrak horren berri jakin zuanean, ohetik jaiki eta oso pozik joan zan aldare aurrera eta han Te Deum laudamus Goresten zaitugu, Jauna abestu zuan.

Ikusten zuan bazetorkiola gaztetako otoitz hura betetzeko eguna: Jesus, emaidazu zure gurutzeaz gozatzea.

Espainiarren abenduko 24ean, goizeko hamaikak aldera nun agertzen dan Martinengana anai Joan Pobre, nortzukin eta San Felipe galeoiko talde batekin: han zetozen Landetxo jenerala (euskerazko gutunak idatziko zizkioten alkarri), Olandia, Zuazola, aita Gebara agustindarra...

Negar bizia egiten omen zuan Loinaztarrak gizon haiek negu gorrian hain gaizki jantzita, oinutsik ikustean.

Aitortu ziran aita Martinekin eta aita Gebararekin, gauerdiko mezan jaunartu zuten gabon-kantak abestuz eta beren arteko afaritxoa egin ere bai; maitasuna eta pakea gehiago izan omen zan han, frutak eta kontserbak baino.

Hurrengo goizeko 8etan eman zuan meza nagusia Martinek kantu eta guzti; hamarretako-legea egin zuten martiri santuak zeukan pobreziatik eta, azken agurraren orduan, banan-banan besarkatu zuten beasaindar martiria, Martin, erregutu gure alde esanez.

Labur aitatuko dizkizut hurrengoak.

1597ko urteberri egunean espetxeratu zituzten Miyakon bost fraideak eta gainerako hamar japoniar, hauen artean hiru mutiko (bost predikari japoniar kartzelaratuak zeuden iadanik), eta hara ekarri zuten Martin ere gaueko hamarretan zaldiz bere zerbitzariekin.

Guztira 24 ziran atxilotuak.

Hilaren hiruan ostiralez ezkerreko belarri-punta bana moztu zieten guztiai eta, zortzi gurditan hirunaka sartuta, kalez kale erabili zituzten epaiaren txapa bana bular gainean zutela.

Jentilak irri egiten zieten eta kristauak errukiz begiratzen, nahiko ezagunak baitziran fraideak Miyakon.

Urtarrilaren 8an eman zuan Taikosamak azken epaia: Aginduta neukanez lehendik Jainkoaren lege hau ez predikatzeko eta fraide hauek Luzondik mandatari bezala etorrita predikatu egin baidute, agintzen det gurutziltzatu egin ditzatela Nagasakin erlijio bereko japoniar hauekin.

Eta aurrerantzean....

Zalantzarik gabe, gainera zetorkien odol-heriotza.

Nagasaki Osakatik bostehun eta gehiago kilometrora zegon hegoaldera.

Hurrengo egunean, urtarrilak 9, atera ziran hiri hartarantz.

Oinutsik eta jantzi arin, belarria odoletan, elur eta izotz artean, oinez askotan (zaldiak izan arren, eta banbuzko bide-saskiak ere bai), itxasoz zerbait eta lehorrez gehienean, mendiak zeharkatuz, Mori-ren lurraldean irain beltzak jasanez, egunero hogeita hamar kilometrotik gora eginez... halaxe ibili ziran 27 egunetan, Nagasakira iritxi arte.

Azken itxas-ibilia egin eta otsailaren 5ean egunsentiz lehorreratu zituzten martiriak (orain hogei ta sei).

Hotzak hilda zetozen, loa galduta, abailduak, oinak zauriz, baina bizia emateko adore haundiz danak.

Hiru orduko bidea egin behar izan zuten artean, mendi malkartsu elurtuan gora, Nagasaki gaineko muino batera heldu ziran arte.

Hantxe zeuden lurrean prestatuta 26 gurutzeak.

Nun da nerea, galdetzen omen zuan Luis mutikoak.

Gure aita Martin neke artean ere pozik eta alai agiri zan.

Lurrean zuloak egiten zituzten bitartean, bere sinpletasun maitagarri harekin hitz egin zien danai japonieraz: Ez bildurrik izan, eutsi azkenera arte, goazen heriotzara apaltasunean Jesusi jarraituz....

Belaunikatu ziran bakoitza bere gurutzearen ondoan.

Etzan zituzten danak batera gurutzeetan eta bost girgiluz (argoilaz) josi zituzten habe santuan lepo, esku eta oin.

Eta juezak gora! esan-hala, jaso zituzten 26 gurutzeak: erdian aita Pedro Bautista, bere eskubitara aita Martin, ezkerretara Antonio mutikoa, eta alde banatara gainetikoak, haien artean hiru jesuita, japoniarrak hirurak.

Jende mordoa zegon begira urrutixeagotik; Nagasakitik bertatik ere bai, teilatuetara igota.

Han entzuten omen ziran oihuak, negarrak, intziriak eta aieneak!

Martiriak han eta hemen kantuz ekin zioten.

Gora ezazue danok Jauna abesten zuan Martinek, Goratu Jauna haurrok Antonio mutikoak...

Lantza eskuetan, bazetorren bakoitzarengana borreroa, eta bi lantzakada gurutzaturekin aldenik alde zeharkatzen zituan martiriak.

Intziri batez ematen zuten azken arnasa.

Martin, bi zaztadak hartu ondoren, danen artean aurpegi-argi geratu omen zan, zerura begira... Eskerrak, Jesus, zure gurutzeaz gozatzea eman didazulako.